XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

31. Lurrez kanpoko objektu batek Lurra jo ote zuen? Fetxa horietan Walter Alvarez, Californiako Unibertsitateko geologiako katedraduna, Italiako erdialdean dauden kareharrizko formazio ederrak aztertzen ari zen.

Kretazikoko azken parteko lur-geruzak ziren batez ere interesatzen zitzaizkion estratoak.

Eta han garbi ikusten zen denok genekiena, alegia, Kretazikoko estratoak bukatzean bapatean narraztien fosil guztiak desagertzen zirela.

Baina kareharria bukatzean bazegoen aroen arteko diferentzia markatzen zuen buztin grisdun zentimetro bateko geruza mehea.

Buztin-geruza horrek fosilik ez zuen.

Eta bere gainean aro berriko kareharria kokatzen zen, fosil ugariekin.

Kretazikoko biziaren desagerpenaren lekuko mutua ikusten ari zen Alvarez geruza hartan!.

Baina zein zen buztin-geruza hark ezkutatzen zuen informazioa?.

Zer gertatu zen denbora-tarte hartan Lurrean ia animalia guztiak desagertzeko?.

Walter hunkiturik zegoen galdera horien aurrean.

Eta erantzuna aurkitzeko bere aitarekin bildu zen.

Aita Berkeley Unibertsitateko fisikaria zen eta gainera Nobel sariduna.

Eta aita-semeak hasi ziren buztin preziatu haren jatorria, konposaketa eta denbora ikertzen.

Alvarez-tarrek buztinaren iridio kantitatea neurtu zuten eta harriduraz konturatu ziren aurreko eta geroko harkaitzetan zegoen iridio-edukina askoz txikiagoa zela.

Beraz, buztin-geruzan zegoen iridio-edukina anormaltzat hartu behar zen.

Nola interpretatu neurri harrigarri hura?.